HONI BURUZ

Kaixo!


Proiektu hau 2020ko irailean hasi zen, irakaskuntza-proiektu gisa, Ainhoa Ezeiza irakasleak koordinatua.

Egoera berri eta ziurgabe honen aurrean, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I izeneko Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako irakasgaia beste era batera lantzera beharturik, aurrez aurre eta online lana tarteratuko dituen proiektu bat egitea proposatu nuen, eta horretan gabiltza ordudanik, beste lan batzuekin batera.

Irratiak egoera pandemiko honen hasieran balio berria hartu zuen: egun osoa pantailei begira egon ordez, burua beste gai batzuetara eraman ahal izatea; hesiei jauzi egin eta beste mundu batzuk ekarri zizkigun. 

Klasean hasi ginenean ere, denok bakarturik, iladan eserita, ezin lekuz aldatu, ezin borobildu edo lurrean eseri, edo mahai gainean, ezin klasekideak hurbiletik ezagutu... irratiaren ideiak ludikotasunez hurbilduko gintuen ahozko gaitasunen garapenera, horrela, taldean antolatu eta askotariko bideak erabil daitezke irratsaioa grabatu eta muntatzeko: saioaren gidoia dokumentu partekatu baten bidez prestatu, nork bere lokuzioak prestatu eta grabatu, watxapa eta antzerako tresnak erabiliz elkarrizketak grabatu, zatika editatu...

Gainera, oso lagungarria izaten ari zaigu euskal musika ezagutu eta entzuteko, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten ikasleak beren "euskarazko ahotsa" entzuten ohitzeko eta beren "euskarazko ahotsarekin" jolasteko eta esperimentatzeko, eta euskaraz hitz egiteko modu asko dagoela ulertzeko. 

Berez, ez dugu irrati bat sortu, ez dugulako emisiorik egiten. Teknikoki "podcast" deritzo honi, baina komunikatzeko moduetan, irratiaren estiloak hartu ditugu erreferentzia gisa, baita entzuleak irudikatzeko ere.

Irakasgaian zehar, hiru irratsaio egiten ari da lantalde bakoitza, podcast formatuan:

  • HITZ ETA PITZ: Lehen Hezkuntzan dabiltzan haur eta gaztetxoei begirako saioa, nagusiki 6-12 urte bitarteko entzuleei zuzendua (saio bakoitzean azaltzen da zein adin-tarterentzat gomendatzen den).
  • NOTA GALDUAK: euskal musika eta poesiaren inguruko irratsaioa, entzule orokorrei zuzendua.

  • Hezkuntzari lotutako hausnarketen irratsaioa (oraindik ez dugu izena erabaki), hezitzaileei zuzendua.

 

NOLA HARTU PARTE

Proiektua irekita dago eta euskarazko edukiak partekatzeko aitzakia izatea espero dugu. "Amateurrak" gara eta horregatik, saioa inperfekzioan mugitzen da. Inperfekzio horrek ematen dio aberastasuna saioari, normalean entzuten ez ditugun ahots eta doinuak jasotzen ari garelako. Gainera, "amateur" izateari esker, errazagoa da edonork parte hartzea.
 
Kontuan izan behar da ez dakigula entzuleek noiz entzungo duten, hortaz, kontuz agenda, ekitaldi edo eguraldi aipamenekin!

Normalean audioak telefonoa erabiliz grabatzen ditugu eta gero Audacity-rekin. Programa hau, software librea izateaz gain (eta, hain zuzen ere, horregatik), euskaraz dago eskuragarri eta, horrela, ordenagailuaren "paisaia digitala" ere euskaraz izaten laguntzen du.

Hemen, hasteko tutorial txiki bat, saio hau Audacity-n nola muntatu azaltzen duena:


 
Proiektu honetan nolabait parte hartu nahi izanez gero, idatzi lasai eposta honetara: ainhoa.ezeiza@gmail.com
 
Pertsonalki eta bakarka har dezakezu parte, edo zure taldearekin, edo zure ikasleekin. Baldintza bakarra: euskaraz izatea!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina